euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

GAIKER-IK4 zentroak 2 milioi euro inbertitu ditu laborategi eta ekipamendu berrietan

Instalazio berriek puntako ekipamendua dute, eta, horri esker, nanoteknologiekin, bioteknologiarekin eta plastikoekin, konpositekin eta suaren kontrako material berrien garapenarekin zerikusia duten teknologiak bateratu ahal izango dira.

2011/03/18  Erakundearen barruko loturei ahalik eta etekin handiena ateratzearren eta balio handiko garapen teknologikoak lortzearren, hainbat diziplinatako teknologiak batu ditu Gaiker-IK4 zentro teknologikoak, eta, horretarako, zortzi laborategi eraiki eta egokitu ditu (450 m2). Abangoardiazko ikerketa-ekipamenduak ere erosi ditu, nanoteknologia, bioteknologia eta material plastikoen teknologiak elkartzeko asmoz.

Gainera, suaren laborategi berri bat ireki du Gaiker-IK4k bere zentroan. Abangoardiazko ekipamenduz hornitu dute laborategia, suaren kontrako propietateak dituzten material berritzaileak sortzeko aukera emango dutenak. Eraikuntzaren eta garraioaren sektoreetarako suaren aurreko erreakzioaren entseguak egiteko, Europako araudiari jarraitu diote, laborategia sortzerakoan.

Inauguratu berri dituzten laborategien bidez, zentro teknologikoak aurrerapauso bat eman du teknologia-espezializazioan, bere jakintza-arloetako teknologiak batzeko apustua egin baitu: bioteknologia, ingurumena eta birziklapena eta plastikoak eta konpositeak.

Batzearen emaitzak
2.165.000 milioi euro inbertitu dituzte guztira erronka berri horretan, eta, hari esker, esaterako, terapia- eta diagnostiko-sistema konplexuak garatu ahal izango dituzte minbizirako eta bestelako gaixotasunetarako, urrezko nanopartikuletan bioezagutza-molekulak geldiaraziz. Materialak nanoteknologiarekin eta bioteknologiekin konbinatuta, gaur egun zenbait egunetan egin ohi diren diagnostikoak minutu gutxi batzuetan egiteko biosentsoreak garatzen ari dira. Biosentsore horiekin, gainera, ez da beharrezkoa izango espezializatutako pertsonaren esku-hartzerik.

Instalazio berrietan, halaber, propietate bioaktiboak dituzten materialak eta material biobateragarriak egin ahal izango dituzte ikertzaileek. Erositako ekipamendu berrien artean TEM mikroskopio elektronikoa dago, eta, hari esker, adibidez, nanopartikulen egitura xeheena karakterizatu eta ezagutu ahal izango dute, bai eta materialetan edo ehun eta zeluletan duten banaketa argitu ere. Hala, terapia-sistemak eta gaixotasunak diagnostikatzeko biosentsoreak diseinatu ahal izango dituzte.

Material polimerikoei nanopartikulak erantsiz sortutako material aktibo eta adimendunei dagokienez, kanpoko seinaleen aurrean erantzuteko funtzioa emango diete. Tenperaturak gora egitean seinale elektriko edo argi-seinale bat igortzen duten material polimeriko eroaleak diseinatu ahal izango dituzte, edo forma aldatuz erantzuten duten materialak, tenperaturaren edo argi-intentsitatearen arabera ataskak itxi edo ireki ditzaten, edo ordenagailu batek erantzuteko seinaleak igor ditzaten.

info:  Ana Erostarbe,  erostarbe@gaiker.es

© 2019 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapaEsteka interesgarriakErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +