euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Gure elkarrizketatua

Juan Miguel Retolaza | Cromoduro Korporazioko Zuzendari Nagusia eta Gaiker Fundazioko presidentea

"Zentro teknologikoak oraindik asmatu gabe egongo balira, horiek sortu egin beharko lirateke" | uztaila 2006

  

Juan Miguel Retolaza Gaiker Fundazioko presidente da, eta Erakundea eratu zenetik (1985) haren zuzendaritza organoetako partaide ere bai. Zuzendari nagusia da, halaber, Cromoduro Korporazioan, Automobilgintzarako konponbide integraletan diharduten enpresaren Talde batean. Gaur egun Korporazio honek, 1952an lanean hasiak, zerbitzu egiten die puntako ekoizle eta hornitzaileei, eta 2005ean 30 milioi euro fakturatu zituen.

Juan Miguel Retolaza Industria Ingeniaritzako Doktorea, Progenika S.A. eta Proteómica S.L. Taldeko presidentea dena, IK4 Aliantzaren lehendakari izan da bere lehenengo urtean. Horrez gain, Azpikontratazioaren Politikako irakaslea da Deustuko Unibertsitateko La Comercial Fakultatean.
 
 
 
..........................................................................................................................................................................................
Aurrerantzean zein izango dira, zure ustez, euskal enpresen egitekorik behinenak?
Euskal gizartea aberatsa da, ez dago zertan ukaturik. Ulertzekoa denez, helburua ez da aberastasun hori gordetzea, handitzea baizik, eta haren oinarria enpresek sortzen duten balio erantsia da, eta hein handi batez, Industria Sektoretik datorkiguna, hortxe izan baitugu beti gure indarraren muina. Baina aberats jarraitzeko, aldatu egin behar ditugu oraingo ereduak, bestela ezin izango dugu-eta askoz soldata txikiagoak dituzten toki, eskualde edo herrialdeekin lehiatu.

Nire ustez hori da erronka, gaurko ereduak egokitzea, gure gizarte eta ekonomi estatusari eutsi nahi badiogu ezinbestean galduko genituzkeen borroketan sartu gabe.

Zer ekarpen egiten dizkiete Teknologia Elkartegiek enpresei?
Teknologia Elkartegirik izango ez bagenu, asmatu egin beharko genituzke, hala ikusten dut nik. Funtsezko tresna dira industriari eta enpresei jarduteko eredu berriak eskaintzeko.

Hurrengo eredu horiek produktu berriak, teknologikoak eta berritzaileak eskaini behar dituzte etengabe, soldaten kostuagatik galdu den tartea berreskuratu eta gainditu ahal izateko. Hala izan dadin, enpresek alor desberdinetako eta goimailako profesionalak behar dituzte, eta alde horretatik ezinbestekoa zaie Teknologia Elkartegien ekarpena.

Nola ikusten duzu automobilgintzaren gaurko egoera? Zure iritziz, zertan lagundu dezakete Teknologia Elkartegiek sektorea lehiakorrago bihurtzeko?
Oraingo egoera benetako zoramena da automobilgintzan. Gero eta auto hobeak saltzen diren arren merkatua ez da asetzen, ezaugarri gehiagokoak eta hobekoak eskatzen ditu, neurri batean fabrikatzaileek horrela hezi dituztelako erosleak. Hala gertatzen da eskaintza zabalago hori ez delako prezioan jasanarazten, aitzitik, prezio lehian gaude, ea zeinek salduko ote merkeago, eta nire ustez horrek ez du zentzurik, iruditzen zaidalako merkatuak gehiago ordainduko lukeela produktu beragatik.

Nolanahi ere, gauzak horrela daude, eta ondorioak teknologiaren alorrera eraman dira, osagaiak eta funtzioak etengabe merkatzeko eta, horrenbestez, autoek hornigai gehiago eta hobeak edukitzeko, lehen esan dugunez. Bistan da Teknologia Elkartegiek alde horretatik izan dezaketen eragina.

Irakasle ere bazara, Deustuko Unibertsitatean. Zer iritzi dago Teknologia Elkartegi ez unibertsitatean? Uste duzu berdin ikusten dire la enpresetatik?
Badago oraindik zer eginik. Ukaezina da unibertsitatean zenbaitek uste dutela benetako ikerketa, goi mailakoa, eremu horri dagokiola, baina zorionez, gauzak aldatuz doaz, eta eremu bakoitza albait lan eraginkorrena eta eragingarriena lortzeko moduan egokitzen ari da. Egia da Unibertsitateak hurbilago duela Ikerkuntza lana, baina era berean Teknologia Elkartegiek hurbilagoa dute Garapena, eta Enpresek Berrikuntza, beraz, hiruko egitura hori triangelu baten antzera ikusi beharko litzateke, eta haren hiru eragileak elkarreraginean. Unibertsitatea Enpresara gerturatzen da, Enpresa Unibertsitatera eta Teknologia Elkartegiak bietara.

Luze ibilia zara Gaikerren. Bertako burua izan zinen Elkarte bat zenean, eta 1997tik Fundazioko burua zara. Esperientzia luzea izan da, harreman estukoa. Nola irizten diozu guztiari?
Gaikerren egin dudan ibilbidea erakundea bera bezain luzea da. Gaiker eratu zenean Batzordeko idazkari aukeratu ninduten kide gazteena nintzelako, eta harrezkero beti egon naiz Batzordean. Gaiker Fundazio bilakatu zenetik ere Patronatu guztietako kide izan naiz: Idazkari, Buruorde eta Buru. Erantzuna, ezinbestean, berehalakoa da: beti iruditu zait herri honen alde lan egiten genuela, gogor eta zintzo, eta gaur egun pozik nago alde horretatik, uste dudalako ondo egin dugula.

1977tik Gaikerrek bere egin du TQM eredua, EFQM Kudeaketaren ildotik. Zer iritzi duzu Kudeaketa Eredu honetaz?
Ikaragarri ona. Desmitifikatu behar da, ordea, hor dabilen ustea, horrelako kudeaketa modua konplexuegia delakoa, baliabide asko behar dituelakoa. Ez da egia; ondo erabiliz gero oso Eredu arina eta baliagarria da edozein azterketa egiteko, erabakiak hartzeko eta aplikatzen den eremuaren jarraipen fidagarria egiteko.

Lotu zaizkie Cromoduro Korporazioko enpresak ere TQM ereduei?
Bai, noski. Cromoduro Korporazioak harreman estu-estuak dauzka Automobilgintza sektorearekin, eta hor berezkoak dituzte Kudeaketarako teknika aurreratuak, ia dekretuz aginduak.
 
info:  Ana Erostarbe,  erostarbe@gaiker.es

© 2019 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapaEsteka interesgarriakErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +