NEOPLAST 2 proiektuaren buru gara, hondakin plastikoen birziklatze kimikoaren bidez balioko produktuak sortzeko

NEOPLAST2 proiektuan euskal industria sareari plastikozko materialen zikloak ixtea ahalbidetuko dioten bideak ikertzen ari dira, birziklatze kimikoko teknologiak erabiliz, hondakinak tratatuz eta balioa duten produktuak sortuz.

GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kide, NEOPLAST 2 proiektuaren koordinatzailea da. Proiektu horren helburua hainbat hondakin plastiko kalitate handiko baliabide bihurtzen lagunduko duten birziklatze kimikoko prozesuak garatzeko, hobetzeko eta egokitzeko ikertzea da, baliabide horiek bigarren mailako lehengai zorrotzenen merkatuek eskatzen dituzten zehaztapenak bete ditzaten. Kontua da ezagutza sortzea, industria sareak plastikozko materialen erabilera hobea, jasangarriagoa eta zirkularragoa egin dezan.

Hondakin plastikoen kudeaketa hobetzea eskaera orokorra bihurtu da, pertsonengan, ekosistemengan eta ingurune naturalarengan horiek duten eraginagatik. Birziklatze kimikoa konponbidearen zati bat dela baieztatu da, bai ohiko bide mekanikoekin birziklatzeko zailak diren edo birziklatu ezin diren hondakin plastikoak aprobetxatzeko, bai kimikoki birziklatutako eta hasierako lehengaietatik ia bereizi ezin diren produktuak lortzeko.

NEOPLAST 2 proiektua birziklatze kimikoko prozesuak ikertzeko eta garatzeko asmoz sortu zen eta gaur egun produktuak sortzeko eta horien kalitatea hobetzeko fasean dago. Zehazki, kondentsazio-polimeroz osatutako plastikoen solbolisi-erreakzioen edo plastiko-nahasketen pirolisi- eta gasifikazio-prozesuen hautakortasuna handitzeko lanean ari dira, baita substantziak eta frakzioak (monomeroak edo olioak, esaterako) araztea lortzen duten adsortzio- edo erauzketa-eragiketak definitzeko ere. Horrekin, kimikoki birziklatutako plastiko berriak sortzea posible, bideragarria eta ingurumenerako onuragarria dela frogatu nahi dute.

NEOPLAST 2 proiektua (KK-2020/00107 erref.) Eusko Jaurlaritzak finantzatu du 2023 eta 2024 urteetan Elkarlanean egindako Ikerketarako ELKARTEK laguntza-programarekin. GAIKER zentro teknologikoarekin batera (proiektuaren buru dena), beste lau euskal agente teknologiko parte hartzen dute proiektuan: UPV/EHUko Ingeniaritza kimiko eta Ingeniaritza kimiko eta ingurumen sailak, TECNALIA eta POLYMAT. Guztiek ematen dute euren ezagutza hondakin plastikoak bide termokimiko eta solbolitikoen bitartez produktu bihurtzeko, katalisiarekin, prozesuen kontrolarekin, produktuen garbiketarekin edo sintesi kimikoarekin konbinatuta.

Ikerketa honi esker, GAIKERek, birziklatze mekaniko eta kimikoan erreferentzia dena, eta hondakinen karakterizazio eta tratamenduan, produktuen lorpenean, birziklatze eskemen diseinuan eta eragiketa eta prozesuen eskalatzean esperientzia handia duena, ezagutza osoa izango du solbolisi katalitikoaren bidezko birziklatze kimikoa ulertzeko eta eraginkortasunez erabiltzeko. Zehazki, poliesterren (PET) eta poliuretanoen (PU) hondakinak bihurtuz, erreakzio-parametroak eta -baldintzak kontrolatuz eta lortutako produktuen maila hobetuz, balio erantsi handiko monomeroak eta produktu kimikoak sortuko ditu, erabilera zorrotzenetarako mailak lortuko dituelako, hala nola erretxina berrien sintesirako.

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak