GAIKERek fabrikazio gehigarriaren aldeko apustua egin du ESD materialen termokonformazioa optimizatzeko, Ikor Technology Centre-rekin eta TECNUNekin batera garatzen ari den proiektu batean

ECOLAJE proiektuak ESD materialen termokonformaziorako moldeak egiteko fabrikazio gehigarria erabiltzearen abantailetan sakontzen du, eta molde horiekin fabrikatutako ESD erretiluak birziklatzeko estrategiak ere ikertzen ditu.

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kidea, ECOLAJE proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia ESD enbalajeen termokonformazioa optimizatzea da; horretarako, fabrikazio gehigarriaren bidez egindako moldeak eta zenbait birziklatze-estrategia erabiliko dira, bai eta industrian eta/edo erabilera ondoren sortzen den hondakin-materiala ere erabiliko da.

Termokonformazio teknikarekin edukiontziak edo enbalajeak egiteko proiektu batean, azkartasuna eta malgutasuna ere lortu nahi bada, oso erabilgarria da moldeak fabrikazio gehigarriaren bidez egitea. Teknologia horrekin, moldeei ezaugarri gehigarriak eman dakizkieke, hala nola hozte-kanalak eta gainazaleko testurak. Hala, egindako piezen kalitatea hobetuko da, eta ekoizpen-zikloaren denborak laburtuko dira.

ECOLAJE proiektuan, ESD materialez termokonformaziorako moldeak egiteko fabrikazio gehigarriak eskaintzen dituen abantailak ikertu nahi dira. Gero, produktu elektronikoak garraiatzeko erretiluak fabrikatzeko erabili nahi da metodo hori, haiek ukitzean eta garraiatzean deskarga elektrostatikorik eman ez dezaten, eta zirkuitu elektronikoak kaltetu ez daitezen. Era berean, ekonomia zirkularra bultzatu nahi da, alde batetik, ESD enbalajeak birziklatzeko estrategia ezberdinak ikertuz, eta, bestetik, erretilu horiek material birziklatuez eta kontsumo ondoko materialez fabrikatuz.

Ikerketa hori hainbat fasetan egiten da; lehenik eta behin, FDM materialak aztertzen dira, eta moldeak egiteko egokienak hautatzen dira. Ondoren, termokonformatuko diren piezen eskakizunak zehazten dira, horrela, haien narriadura egiaztatzeko eta aztertzeko prozedura definitzeko. Hurrengo faseetan, fabrikazio gehigarri bidez termokonformaziorako moldeen diseinua eta garapena eta haien baliozkotzea ikertzen dira, baita prozesu horren jasangarritasuna nola hobetu ere, ESD erretiluak birziklatzeko hainbat estrategia proposatuz eta pieza termokonformatuen narriadura funtzionala aztertuz, bereziki ESD propietatearen galera (gainazal-erresistibitatearen galera).

Azken jarduera horietan batez ere hartzen du parte GAIKERek, “Pieza termokonformatuetako ESD materialak birziklatzeko estrategiak” lan-paketearen buru dela. Lan-pakete horretan, zenbait birziklatze-estrategia ikertzen dira, eta horietako bakoitzean, fabrikatutako enbalajeen ESD propietateek izaten dituzten aldaketak aztertzen dira. Birziklatze-zikloak optimizatzeko estrategiarik onena ebaluatu nahi da, propietate funtzionalak galdu gabe (antiestatikotasuna).

Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko ELKARTEK 2023 laguntza-programaren barruan. Proiektuan, GAIKERez gain (konposatu plastikoen garapenean, prozesaketan eta karakterizazioan aditua, eta birziklapenean eta ekonomia zirkularrean aditua), IKOR Technology Centre, S.L.k (proiektuaren buru) eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak (TECNUN) ere parte hartzen dute.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak diruz lagundutako proiektua (ELKARTEK 2023 programa).

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak