TRANSEATION europar proiektuak azpiegitura hibrido urdin-grisak garatu eta haien eraginkortasuna frogatuko du itsasoko eta kostaldeko eremuetan
GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kide, TRANSEATION europar proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren azken helburua itsas ekosistemen osasuna babestea eta leheneratzea da, naturan oinarritutako konponbideak, hiritarren parte-hartzea eta digitalizazioa erabiliz.
Ikerketak naturan oinarritutako konponbideak (Nature-based solutions edo NBS) -itsas biodibertsitatea zaintzeko baliabide eraldatzaile gisa- eta zerbitzu ekosistemikoak konbinatzen dituzten itsas azpiegitura hibridoen eraginkortasuna frogatu nahi du. Aldi berean, funtsezko erronka sozialei heldu nahi die, hiru erabilera-kasu martxan jarriz: off-shore plataforma eolikoak, kostaldea babesteko azpiegitura eta akuikultura azpiegitura bat.
GAIKERek maila trofiko baxuko akuikultura azpiegituraren garapenean parte hartzen du. Frogatzaile hori AZTI Zentro Teknologikoak zuzentzen du eta ITSASKORDA enpresak ere garatzen du. Bertan, Europako akuikulturaren sektorerako naturan oinarritutako konponbideak ezarriko dira, ekintza hauek garatuz: oinarri biologikoko konposatuak garatu, produktua atzitzeko eta landatzeko sistemen monitorizazio teknikoa egin, konpostagarritasuna aztertu, soka biologikoak birziklatu eta ingurumen-inpaktua ebaluatu.
Lan honen bidez, GAIKERek naturan oinarritutako material jasangarrien arloan duen tokia sendotu nahi du, bereziki, ohiko material plastikoak ezabatzeko balio ahal duten aplikazio berrietan. Halaber, aurretik egin dituen proiektuetan lortutako emaitzen irismena zabaldu nahi dute.
Europar Batasuneko Batzordeak bultzatuta eta Centro Tecnológico Naval y del Mar (CTN) buru duela, ikerketa honek 3 urteko iraupena du (2024-2027), eta hamasei kide eta laguntzaile ditu, besteak beste, ikerketa zentroak, industria enpresak eta ingurumen kudeaketarako erakundeak.
TRANSEATION proiektuak aurrerapen nabarmena dakar ekosistemen kudeaketan, itsasoko eta kostaldeko eremuetan azpiegitura hibrido urdin-grisak garatuz eta aplikatuz.
Proiektu honek Europar Batasunaren Horizon Europe berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du, 101096457 zenbakiko dirulaguntza-hitzarmenaren bidez. Argitalpen honek autorearen iritziak besterik ez du islatzen; Europar Batasunak ez du bere gain hartzen informazio horren erabileraren gaineko erantzukizunik