Ikusmen hiperespektrala eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatzeko

ICEBERG europar proiektuak ikusmen hiperespektrala eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki sailkatzeko eragiketa konplexuak egiteko bideragarria dela egiaztatu du.

Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide den GAIKER Zentro Teknologikoak parte hartzen duen ICEBERG proiektu europarra amaierara iritsi da, eta emaitza garrantzitsuak lortu ditu.

Hondakin guztien herena baino gehiago diren eraikuntza eta eraispen hondakinentzako (RCD) konponbide bat aurkitzeko, eta hondakin horien zirkulartasuna lortzeko (berreskuratzea eta birziklatzea, eta produktu jasangarriagoak garatzea), 2020an lau urteko ikerketa hau hasi zen, Europako 10 herrialdetatik etorritako 35 kideko partzuergoak egindakoa.

Kide horietako bat GAIKER da, identifikazio eta bereizketa automatikoko teknologien garapenean aditua. GAIKER ikusmen hiperespektraleko tekniketan eta aldagai anitzeko datuen analisian oinarritutako konponbide teknologiko aurreratu bat ikertzeaz arduratu da, eraikuntza eta eraispen hondakinen hainbat fluxutan dauden baliabide materialak berreskuratzeko, gero eraikuntzarako produktu berriak egiteko.

Zehazkiago, harrien nahasteen (hormigoizko eta zeramikazko agregatuak), igeltsuzko plaken hondakinen (igeltsuzko plaka araztea, beste material batzuetatik bereiziz) eta apar isolatzaileen nahasteen (PUR eta PIR) identifikazio eta sailkapen automatikoan erabiltzeko ikusmen hiperespektraleko teknika ikertu du.

Azterketa-kasu horietako bakoitzerako, ikaskuntza-algoritmo gainbegiratuetan oinarritutako sailkapen automatikoko eredu espezifikoak garatu eta ebaluatu dira. Algoritmo horiek, materialen aztarna hiperespektralen azterketatik abiatuta, denbora errealean zehazten dute materialak zein klasetakoak edo kategoriatakoak diren, eta, horrela, gero frakzio ezberdinetan bereizi ahal izango dira.

Laburbilduz, ikusmen hiperespektrala (aldagai anitzeko datuak aztertzeko tresnetaz baliatuz) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki sailkatzeko eragiketa konplexuak egiteko bideragarria dela egiaztatu da. Horrela, % 90eko purutasuna duten berreskuratutako materialen frakzio berriak sortuko dira, eta horri esker, ziklo ekonomikoan bigarren mailako lehengai gisa sartuko dira berriro, balio erantsiko produktuak egiteko.

Informazio gehiago: https://iceberg-project.eu /

 Proiektu honek Europako Batzordearen Horizon 2020 ikerketa- eta garapen-programaren finantzaketa jaso du, 869336 zenbakidun kontratuaren pean.
Prentsa-ohar honek egileen ikuspuntua baino ez du islatzen; ez agentzia ezta Batzordea ere ez dira informazio horren erabileraren erantzule.

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak