• GAIKER Zentro Teknologikoak, Euskadiko ingurumen-industrien klusterrak (Aclima), Plastikoaren Institutu Teknologikoak (AIMPLAS), Plastiko Birziklatzaileen Elkarte Nazionalak (ANARPLA), Garraioa eta Energia Ikertzeko eta Garatzeko Fundazioak (CIDAUT) eta VALORIZA Ingurumen Zerbitzuak bultzatzen dute proiektua.
• Automobilgintza, aeronautika, energia berriztagarriak eta elektriko-elektronikoa bezalako sektore industrialentzako konponbideak emango ditu.
• Helburua da gaur egun zabortegira doazen material konposatuak berreskuratzea, balorizatzea eta ekoizpen-zikloan berriro sartzea.
• Material konposatuen hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko erraztasunak emango dizkie enpresei, baita berreskuratutako lehengaiak eskuratzeko ere.
GAIKER Zentro Teknologikoak (proiektuaren buru), Euskadiko ingurumen-industrien klusterrak (Aclima), Plastikoaren Institutu Teknologikoak (AIMPLAS), Plastiko Birziklatzaileen Elkarte Nazionalak (ANARPLA), Garraio eta Energia Ikertzeko eta Garatzeko Fundazioak (CIDAUT) eta VALORIZA Ingurumen Zerbitzuek CÍCLiCOM Berrikuntza Ekosistema jarri dute martxan. Ekosistema horrek zentro teknologikoak, enpresak eta elkarteak biltzen ditu material konposatuen eta, zehazki, "plastiko konplexuen" ekonomia zirkular eraginkorra elkarrekin sustatzeko.
Proiektua CDTIren Berrikuntza Ekosistemak programak finantzatu du. Programa horren helburua “Cervera” Bikaintasuneko Zentro eta Institutu Teknologikoek garatutako gaitasun teknologikoak inguru ekonomiko eta sozialera iristea da, haien balioa nabarmenduz eta ekosistema berritzaileak sortzera bultzatuz. Deialdia Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalean (PRTR) aurreikusitako jarduketen barruan dago, eta Europar Batasuneko “Next Generation EU” erakundeak finantzatzen du, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.
Material konposatuei “konposite” deitu ohi zaie. Izaera ezberdineko material bi edo gehiago elkartzean sortzen dira, elementu guztiek euren kabuz dituzten propietateak baino propietate hobeagoak lortzeko, hala nola erresistentzia, tenperatura altuko errendimendua, pisua, gogortasuna, eroankortasuna eta abar. PP polipropilenoa, PA poliamidak, PC polikarbonatoak, UP poliester asegabea, PU poliuretanoak eta SI silikonak material horietako batzuk dira.
Material konposatu horien berezitasuna jatorrizko materialek beren identitatea mantentzen dutela da. Hala ere, konposatuen ezaugarriengatik, bizitza erabilgarria amaitu ondoren, zabortegietara doaz maiz, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren berreskuratzeko aukerarik ez dagoelako. CÍCLiCOM proiektuaren helburua, hain zuzen ere, material konposatu horiek berreskuratzea eta balorizatzea ahalbidetuko duten soluzio teknologikoak bultzatzea da, eta, ondoren, material horiek berriro ekoizpen-zikloan sartzea.
Hala, enpresei material konposatuen hondakinak kudeatzeko teknologiak ezartzen lagunduko zaie, material horiek berreskuratu, balorizatu eta ekoizpen-zikloan berriro sartu ahal izateko. Gainera, azken produktuen portaera-ereduak garatuko dira, ekoizpen-prozesuetan berriro erabiltzea errazteko, eta horrekin batera, berreskuratutako lehengaiak eskuratzeko.
Material konposatuak asko erabiltzen dira ekoizpen-sektore gehienetan, sektore estrategikoetan barne: aeronautika, automobilgintza, sektore elektriko-elektronikoa eta energia berriztagarriak. Izan ere, elementu estrategikoak osatzen dituzte, hala nola, pala eolikoak, zirkuitu inprimatuen plakak edo hegazkinen egitura.
Espainian bakarrik, horrelako materialen merkatua 2.000 milioi eurokoa dela kalkulatzen da (2022ko datuen arabera), eta merkatuaren joerak material birziklatuen eskaera gero eta handiagoa dela adierazten du. Izan ere, hainbat ikerketen arabera, gaur egun Europa osoan % 20ko defizita dago berreskuratutako plastikoen eskaintzaren eta eskariaren artean, eta joera hori hazi egingo da datozen urteetan.
Berreskuratutako material konposatuak berreskuratzeak, balorizatzeak eta ekoizpen-zikloan berriro sartzeak, ingurumenerako onuragarria izateaz gain, onura ekonomiko handiak ekarriko dizkie enpresei, birziklatutako produktuak erabiliz kostuak murriztuko baitute. Hainbat ikerketaren arabera, horrelako lanari esker, baliabideen produktibitatea % 3 handituko da Europan 2030a baino lehen, eta horrek urtean 600.000 milioi euro aurreztea ekarriko du.
Gainera, material mota horien ekonomia zirkularra jarduera ekonomiko bat izango da berez, eta horrek enplegua sortuko du.
Proiektua, gainera, enpresen arteko lankidetzan oinarrituko da, bai estatu barruan, bai kanpoan, eta enpresentzako “roadmap teknologiko” zehatzak garatuko ditu, hondakin plastiko konplexuen balorizazioaren arloko joera teknologiko garrantzitsuen eta garapen aukeren ikuspegi argia eta egituratua emateko.
Horrez gain, hondakin plastikoen balorizazioaren industrian diharduten profesionalak prestatzeko eta gaitzeko lan egingo da; ezagutza eta trebetasun praktiko garrantzitsuak eskainiko dira, enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko, eta hondakinen kudeaketaren arloan berrikuntza, ezagutza-trukea eta konponbide jasangarrien garapena bultzatzeko.
Horren guztiaren ondorioz, CICLiCOMek, ekonomia zirkularra sustatuz, hainbat produkzio-sektoretako enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea bultzatuko du, berrikuntza sustatuko du, enpresen arteko lankidetza erraztuko du eta balio-kateak indartuko ditu. Enpresen lehiakortasuna ere sustatuko du, teknologia aurreratuak ezartzera bultzatzen dituzten zerbitzuen bidez eta etengabeko lankidetza eta gaikuntza sustatzen dituzten jardueren bidez.
GAIKERen zeregina
GAIKER ekosistema horren buru da, eta bere konponbideak emango ditu aurreinpregnatu ez-onduak, karbono-konpositeak, material hibridoak eta geruza anitzeko materialak birziklatzeko eta errefortzuko TP zintak garatzeko. Hori guztia materialak birziklatzeko eta birprozesatzeko instalazio pilotuei esker egin ahal izango da. Era berean, Zentroak erabiltzaileei eskaintzeko zerbitzu berriak definitzen lagunduko du, ikuspuntu teknologikotik dituen esperientzietan oinarrituta, benchmarking-a eta roadmap teknologikoen garapena bezalako jardueretarako. Gainera, ekosistemako enpresei laguntza teknologikoa emango die zirkulartasunerako egiten dituzten aurrerapen berrietan.
GAIKERek, halaber, materialen eta produktuen ezaugarritzeak egiteko gaitasuna du, bai eta margoak eta estaldurak aplikatuz akabera- eta funtzionalizazio-tratamenduak aplikatzeko gaitasuna ere; horiek guztiak proiektu honen eskura jartzen ditu.