Archives for July 2024

SEPARA proiektuak hondakinak balorizatzeko sektorearen eraldaketa digitalerako oinarri teknologikoak ezarri ditu

GAIKERek ontzi arinen hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko ereduaren eraldaketa digital adimendunerako oinarriak ezartzeko, ezagutza teknologiko berria sortzen lagundu du

“Hondakinak balorizatzeko sektorearen eraldaketa teknologikoa, Espainiako industrian ekonomia zirkular eraginkorra bultzatzeko” SEPARA proiektua, non GAIKER Zentro Teknologikoak (Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea) parte hartu duen, arrakastaz amaitu da lau urte ondoren.

Ikerketa zortzi enpresek osatutako partzuergoak egin du, eta Ecoembesek zuzendu du, 1997tik Espainian plastikozko, metalezko, brikezko, egurrezko, paperezko eta kartoizko ontzien birziklapena bultzatzen duen erakundea. Ikerketak emaitza onak lortu ditu, proposatutako helburu tekniko guztiak lortuz, eta hondakinen bereizketaren digitalizazioaren arloan etorkizunean garapenak egiteko oinarri sendoa ezarri du. Esaterako, sistema adimendunak txertatu dira prozesuaren fase guztietan, eta gobernantza digitaleko plataforma bat garatu da. Plataforma horren bidez instalazioak modu automatizatuan kudeatu ahal dira, eta, gainera, premia desberdinak dituzten interes-agenteentzako output ugari sortu ahal ditu .

SEPARA Garapen Teknologikorako Zentroak (CDTI) finantzatu zuen, Enpresa Berrikuntzako Sektoreko Ekimen Estrategikoetarako laguntza-programan (Misiones CDTI), eta ontzi arinen hondakinak hautatzeko instalazioen eraldaketa digital adimenduna ahalbidetuko duten oinarri teknologikoak ezartzera bideratutako ezagutza berria sortzeko helburuarekin sortu zen, haien eraginkortasuna eta produktibitatea handitzeko.

Horretarako, teknologia optiko aurreratuak, sistema robotikoak, adimen artifizialeko algoritmoak eta datu masiboen tratamendurako sistemak ikertu eta baliozkotu dira, hondakinen bilketan, hautaketa-instalazioan (heltzen den hondakina denbora errealean ezaugarritzea, inpropioen triajea, ontzien sailkapena eta berreskuratutako materialen kalitatearen monitorizazioa) eta bilketa – instalazioaren arteko loturaren ingurunean aplikatuta.

Ikerketa horri esker, plastikozko ontziak bereizteko eta birziklatzeko gaitasuna handitu eta modernizatu egin da, eta, beraz, 20185/852 (EB) Zuzentarauak ezarritako helburua lortzeko lagundu du; izan ere, zuzentarau horren arabera, 2030. urterako plastikozko ontzi guztiak birziklatu ahal izango dira.

Proiektuko kideak
SEPARA proiektuan Ecoembes (burua), Minsait, Atria Innovation, Pixelabs, Piperlab, Picvisa, SpectralGeo eta Trienekens enpresek hartu dute parte.


Proiektu honek CDTIren dirulaguntza jaso du, Enpresa Berrikuntzako Sektoreko Ekimen Estrategikoetarako laguntza-programaren barruan (Misiones CDTI). Espediente-zenbakia: MIG-20201006