Archives for 23 de July de 2024

Irismen laburreko eta ertaineko hegazkinetarako fuselaje ultraeraginkorra integratzeko teknologiak

FASTER H2 Europako proiektuak hegazkingintzan neutraltasun klimatikoa sustatu nahi du

GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kidea, “Fuselage, Rear Fuselage and Empennage with Cabin and Cargo Architecture Solution Validation and Technologies for H2 integration” proiektu europarreko hogeita hamalau kideetako bat da. FASTER H2-ren helburua hidrogenoa erregai gisa erabiltzen duten irismen labur eta ertaineko hegazkinetarako (SMR) fuselaje ultraeraginkor baten integrazio arkitektonikoa ahalbidetzen duten funtsezko teknologiak baliozkotzea, aurrez hautatzea, garatzea eta frogatzea da.

Klimaren ikuspegitik, hegaldi neutro bat posible egiteko, irismen labur eta ertaineko hegazkinek, hau da, 150-250 bidaiari eraman eta 1.800-2.700 km bidaiatu ahal dutenek, energia termikoan oinarritutako propultsio-teknologia ultraeraginkorretan jarri behar dute arreta, eta erregai jasangarriak (drop-in-arekin edo drop-in gabe) erabili behar dituzte; kasu honetan, hidrogenoa. Halaber, sektorean klima-neutraltasuna lortzeko, ezinbestekoa da erregai-tangak eta banaketa-sistema ere integratzea, bai eta fuselajea eta enpenajea eraikitzeko material jasangarriak erabiltzea ere.

Helburu horrekin, FASTER H2 proiektuan, fuselaje eta enpenaje integratuak ekoizteko teknologia aurreratu berriak ikertzen dira. Hala, hegazkin bat fabrikatzean sortzen diren hondakinak murriztu eta materialak eta energia hobeto aprobetxatu nahi da.

Konposite termoegonkorrak maiz erabili ohi dira Aeronautikan, pisu txikia, eta eraginkortasun eta segurtasun handia dutelako, baina jasangarritasunari dagokionez hobetu behar dira, bizi-ziklo osoan zehar duten ingurumen-aztarna murrizteko. Hobekuntza horretan GAIKER ari da laguntzen, infusio prozesurako eta aurreinpregnatuak fabrikatzeko bio sistemak eta/edo sistema birziklagarriak formulatuz. Erretxina horiek, ondoren, hegazkinak fabrikatzeko konposite jasangarriak ekoizteko erabiliko dira.

FASTER H2 proiektua Europar Batasunak finantzatzen du, Horizon Europe Clean Aviation programaren barruan (aeronautikan hobekuntza ekologikoak egiteko I+G ildoetarako laguntzak), 39 hilabeteko iraupena du (2023-2026) eta Airbus Operations GmbH da buru.

Informazio gehiago: https://www.youtube.com/watch?v=wjQTZYN4Wj0

Proiektuak Clean Aviation-en babesa du. Europar Batasunak finantzatzen du, dirulaguntzetarako 101101978 hitzarmenari jarraikiz. Hala ere, adierazitako iritziak eta ikuspuntuak egile(ar)enak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunarenak edo Clean Aviationenak adierazten. Ez Europar Batasuna ezta Clean Aviation ere ez dira horien erantzule.