Archives for 10 de July de 2024

Lau zentro teknologikok MARFIL Sarea sortu dute, iturri berriztagarrietatik sortutako plastikoen erabilera funtsezko sektoreetan areagotzeko

AIMPLASek, AITIIPek, CIDAUTek eta GAIKERek osatzen dute sare hori, eta elikagaietarako ontzien segurtasunerako, garraioaren osagaiak arintzeko eta nekazaritza-praktikak hobetzeko bioplastikoak erabiltzea dute helburu.

MARFIL Sarearen arrakastak lagunduko du petrolioarekiko mendekotasuna murrizten, nekazaritzako azpiproduktuak balorizatzen eta zabortegietara inolako balorizaziorik gabe heltzen diren hondakinen kopurua mugatzen.

AIMPLAS Plastikoaren Institutu Teknologikoak, Garraio eta Energiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundazioak (CIDAUT) eta AITIIP eta GAIKER zentro teknologikoek MARFIL Sarea eratu dute, iturri berriztagarrietatik eratorritako bioplastikoak, gehigarriak eta errefortzuak funtsezko sektoreetan material berritzaile gisa erabiltzea bultzatzeko.

Petrolioaren ordezko iturrietatik eratorritako material plastiko horiek eragin txikiagoa dute ingurumenean eta errazago birzikla eta/edo biodegrada daitezke. Horregatik, material industrial asko erabiltzen duten sektoreetan sustatuko dira, hala nola elikagaiak ontziratzeko sektorean, eta baita balio erantsi handiko industria-sektoreetan ere, hala nola garraioan eta nekazaritzan. Helburua da ingurumenaren, teknikaren eta ekonomiaren ikuspuntutik aukerarik onena direnean, haiek askoz ere gehiago erabiltzea.

Horretarako, MARFIL Sareak ikerketa, garapen, berrikuntza eta prestakuntza programa estrategikoa garatuko du, zentro horiek oinarri biologikoko plastikoak garatzeko dituzten gaitasunak indartzeko asmoz, batez ere hondakinak, nekazaritza-industriako azpiproduktuak edo ordezko biomasak erabilita. Lortutako gaitasunak hainbat mailatan erabiliko dira, puntako ikerketa-taldeekiko lankidetza sustatzeko, lehengai eta produktu jasangarrien garapenean industriak duen interesa handitzeko, talentua erakartzeko eta bioplastikoak erabiltzeak zenbait sektoretan dituen ingurumen-abantailei buruz gizartea kontzientziatzeko, hala nola, ontzietako elikagai segurtasunean, garraio-sektorerako osagaiak arintzeko eta nekazaritza-praktikak hobetzeko, betiere hornidura-katearen erresilientzia ziurtatuz.

Helburua da iturri berriztagarrietatik eratorritako polimeroen erabilera 2030ean Espainiako guztizkoaren % 5 baino gehiago izatea (200.000 tona inguru). MARFIL Sarearen arrakastak asko lagunduko du petrolioarekiko mendekotasuna murrizten, nekazaritzako azpiproduktuak balorizatzen (horrela landa-eremuetako despopulazioa murrizten lagunduz) eta zabortegietara inolako balorizaziorik gabe heltzen diren hondakinen kopurua mugatzen.

Hiru ikerketa-ildo nagusi

Hiru ildo nagusi ikertuko dira: nekazaritza industriako biomasaren tratamendu jasangarri eta eskalagarria, biopolimeroak, gehigarriak eta errefortzuak ekoizteko; bere propietateak eta prozesatzeko gaitasuna hobetzea, bioplastikoak polimerizatzeko teknika berrien bidez; eta bere konpostagarritasuna eta birziklagarritasuna handitzea.

Hasieran hiru sektore nagusitan lan egingo bada ere (garraioa eta logistika, ontziratzea, eta nekazaritza eta arrantza), MARFIL Sarearen emaitzak plastikoak erabiltzen dituzten beste sektore batzuetara (eraikuntza, sektore elektriko-elektronikoa, ehungintza eta altzariak) eta balio erantsi handiko industrietara (adibidez, osasuna, bioteknologia eta aeronautiko-aeroespaziala) zabalduko dira.

GAIKERen zeregina

GAIKERek MARFIL Sarearen helburu estrategiko guztietan lagunduko du, biopolimeroek merkatuan duten lehiakortasuna indartzeko. I+G+B garatzeko ildoei dagokienez, Zentro honek Sareko zenbait gaikuntza-eremu zuzentzen ditu:
• Biopolimero mikrobiarrak lortzeko bioprozesuak.
• Polimeroak lortzeko bide berriak eta naturan oinarritutako errefortzuak
• Naturan oinarritutako konpositeen eta tarteko produktuen garapena
• Erakusleen baliozkotze funtzionala, eta bizi-amaierako, biodegradagarritasuneko eta birziklagarritasuneko estrategia berrien azterketa

Sare horri esker, GAIKERek nabarmen handituko du teknologietan duen gaitasuna, eta BIOEKONOMIAn duen zeharkako estrategia sendotuko du, balio-katean gora egin ahal izateko. Horretarako, monomeroak eta materialak eraldatzeko/aldatzeko/sintetizatzeko azken teknologietan trebatu beharko da, eta baita, ondoren, merkatuko eskaeraren araberako funtzionaltasuna eta prozesagarritasuna izateko naturan oinarritutako produktuak garatzeko ere.

Red MARFIL proiektua Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak argitaratutako 2023ko Bikaintasuneko Zentro Teknologikoen Cervera deialdiaren parte da, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Europako funtsekin finantzatuta dago. Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroak (CDTI) kudeatzen du programa.