Archives for 28 de May de 2024

Hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko teknologia berriak

ONTZHI proiektuak hidrogeno gasa biltegiratzeko eta garraiatzeko material berriak eta hidrogenoak biltegiratze- eta garraio-azpiegiturako materialekin duen interakzioa ezaugarritzeko metodo berriak garatzen ditu

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kide, “Hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko funtsezko teknologiak, ONTZHI” proiektuan parte hartzen du. Proiektuaren helburua hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko teknologia eta konponbide seguruagoak, trinkoagoak, errentagarriagoak eta jasangarriagoak ikertzea da.

Europar Batasunaren helburua 2023rako berotegi efektuko gasen isuriak % 55 murriztea da, eta 2050erako emisioen neutraltasuna lortzea. Hidrogeno berdea erabiltzea irtenbide bat izan daiteke; izan ere, % 100 garbia den energia-iturria da, energetikoki eraginkorra da, ez du gasik sortzen, eta sortzen duen hondakin bakarra ura da. Baina, horretarako, biltegiratze eta garraio segurua eta errentagarria izan behar da eskala handian, lehiakortasun ekonomikoa bermatu ahal izateko.

Gaur egun, hidrogenoa presiopeko gas moduan biltegiratu eta garraia daiteke tanga eta hodietan, edo likido egoeran tanga kriogenikoetan. Hala ere, bere propietate fisikokimikoak direla eta (beste erregai batzuen propietateetatik nahiko desberdinak dira), zaila da teknologia horiek garatzea, eta ikerketan aurrerapenak egin behar dira, hidrogenoa garraiatu eta biltegiratzeko azpiegiturak garatzeko.  

Egoera horri erantzuteko, 2023an ONTZHI proiektua jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta (ELKARTEK programa). Proiektu horren helburua hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko konponbideak bilatzea da, eta, horretarako, material berriak eta materialak elementu kimiko horren efektu degradatzailetik babesteko estrategia berriak garatzen ditu.

Proiektuaren bidez, tanga eta hodietako materialen erresistentzia hobetu, pisua eta kostua murriztu, biltegiratze- eta garraio-sistemen segurtasuna eta jasangarritasuna handitu, eta material metalikoek hidrogenoarekiko interakzioan dituzten mugak ikertu eta haiei buruzko ezagutza sortu nahi da. Horren ondorioz, bi erakusle garatuko dira laborategiko eskalan: bata, hidrogenoko babes-estaldurena, eta, bestea, polimero birziklagarriez egindako IV motako H2 biltegiratze-tangarena. Horrez gain, ezaugarritze-metodo sinplifikatuak definitzeko eta garatzeko erabiliko den eredu konputazional bat ere garatuko da.

GAIKERek, nagusiki, mugikortasun-tangetarako soluzioak ematen ditu. Alde batetik, hidrogenoaren aurrean hesi-propietateak dituzten in situ polimeriza daitezkeen material termoplastikoak diseinatzen eta ikertzen ditu, IV motako hidrogeno-tangak egiteko, rotomoldeaketaren bidez linerrak eginez eta filament winding bidez inguratzailea eginez. Eta bestetik, tape formatuko konposite termoplastikoak diseinatzen eta ikerketzen ditu, tape winding robotizatuaren teknologiarekin inguratzaileak egiteko.

ONTZHIk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak (ZTBES) eta euskal enpresek hidrogenoaren sektorean duten jarrera zientifiko, teknologiko eta komertziala hobetu nahi du, eta, bereziki, hidrogeno berdea garraiatzeko eta biltegiratzeko teknologiei dagokienez.


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak diruz lagundutako proiektua (ELKARTEK 2023 programa).