euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, EHU-k eta Cadagua enpresak emerGEN proiektua jarri dute martxan, bakteria erresistenteak eta kutsatzaile emergenteak ikertzeko

• Ikerkuntza bi urtez luzatuko da, eta 488.062 euroko aurrekontua dauka, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak finantzatuta, EHUrekin kolaboratzeko esparru-hitzarmenaren baitan, ura kudeatzeko eremuan ikerkuntza eta berrikuntza zientifiko eta teknologikoa indartzen laguntzeko.

• Bizkaiko hornidura-uretan antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak eta bakteriak nahiz kutsatzaile emergenteak detektatu eta tratatzea eta ondore biologikoak neurtzeko tresnak (biosaiakuntzak) erabiltzea da helburua. Horretarako, laginketa pasiboko teknikak analisi kimiko eta biologikoekin uztartuko dira.

2020/07/23  
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, EHUko Plentziako Itsas Estazioarekin eta Kimika Analitikoa Sailarekin, Gaiker zentro teknologikoarekin eta uren tratamenduan espezializatua den Cadagua SA enpresarekin batera, emerGEN proiektua jarri du martxan. Bizkaiko hornidura-uretan kutsatzaile emergente kezkagarriak –CEC, ingeleseko siglen arabera– eta antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak eta bakteriak arakatzeko ekimena da, eta sustantzia horien presentzia posiblea ebaluatzea eta halakoek ingurumenean eta giza osasunean izan ditzaketen ondorio biologikoak baloratzea du xede.
 
Ikerkuntza-proiektua bi urtez luzatuko da –2022ko irailera arte–, eta 488.062 euroko aurrekontua dauka, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak finantzatuta, EHUrekin Kolaboratzeko Esparru Hitzarmenaren baitan, ura kudeatzeko eremuan hezkuntza, prestakuntza, ikerkuntza, garapen eta berrikuntza zientifikoa eta teknologikoa indartzen laguntzeko eta ura kudeatzeko teknologia aurreratuetan Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroaren ikerkuntza-plana sustatzeko asmoz.
 
Uretan egon daitezkeen kutsatzaile emergenteeen artean, nabarmentzekoak dira zainketa eta higiene pertsonaleko produktuak, drogak, hormonak eta botikak, bai eta konposatu perfluoratuak (PFA) ere. Azken horiek maiz erabiltzen dira zartagin itsasgaitzak –Teflón izenez ezagunagoak– bezalako produktuetan edo waterproof arropetan. Ingurumenean aztarna-mailako kutsatzaile horiek oraintsu soilik antzeman ahal izan dira, teknologia analitiko berriak eta sentikorragoak garatu direnean.
 
Proiektuaren helburu nagusia honako hau da:  hornidurarako hartzen diren baliabide hidrikoen kalitatearen egungo egoera ezagutzea eta edateko ura tratatzen duten araztegien eraginkortasuna aztertzea, sustantzia eta organismo horien presentzia posiblearekin lotuta. Era berean, hondakin-uren araztegi batek kutsatzaile emergenteak eta antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak eta bakteriak ezabatzeko duen errendimendua zehazteko proposatu da. Horretarako, ur horiek jasotzen dituen bitartekoan efluenteak zein eragin duen ebaluatu behar da. Azkenik, uretan CECren presentzia posibleak ingurumenerako eta osasunerako eragin ditzakeen ondorioen balorazioa zehazteko ahalegina egingo da.
 
Hautatutako instalazioetako bakoitzean –Sollanoko Edateko Uren Araztegia (Zalla), Beteluriko Edateko Uren Araztegia (Arrigorriaga), Gorozikako Edateko Uren Araztegia (Ondarroa), Oletako Edateko Uren Araztegia (Lekeitio), Etxebarriko planta pilotua eta Markinako Edateko Uren Araztegia– ur-laginak hartuko dira prozesua baino lehen eta ondoren, kutsatzaile emergenterik ba ote dagoen identifikatuko da, eta, halakorik badago, zenbatu egingo dira. Horretarako, Plentziako Itsas Estazioan (Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroan) dauden prestazio altuko tresnak erabiliko dira, ondoren halakoek ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen ondorioak ebaluatzeko, Gaikerren garatuko diren biosaiakuntzen bidez.
 
Lagin horietan, ondorio biologikoak ebaluatuko dira, “in vitro” eta “in vivo” biosaiakuntzetan oinarrituta, lotutako arrisku posibleen maila balioetsi ahal izateko. Gainera, Markinako hondakin-uren araztegian dauden ur gordin eta araztuetan ere antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak eta antibiotikoekiko erresistenteak diren bakteriak identifikatzeko metodoak aplikatuko dira.

Tratamendu Aurreratuak
Era berean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren planta pilotuan, –Cadagua enpresak eraikia Etxebarriko ponpaketa-gunean–, iragazpen- eta adsortzio-prozesuak eta oxidazio aurreratuko prozesuak probatuko dira, ura edateko moduko bihurtzen duten sistemak hobetzeko, instalazioak hobetu eta Edateko Uraren etorkizuneko Zuzentaraura egokitze aldera. Izan ere, zuzentarau horrek, ziur aski, eskakizun berriak jasoko ditu sustantzia eta konposatu hauen gainean.
 
Ura funtsezkoa da bizitzarako, baliabide oso baliotsua da, eta, ondorioz, kutsaduratik babestu behar da. Uraren zikloa kudeatzen duten erakunde guztien betebeharra da, beraz, ur-masen eta akuiferoen egoera ona zaintzea. Izan ere, sustantzia antropogenikoen erabilera orokortuak (besteak beste, produktu farmazeutiko, elikagaietako gehigarri, produktu industrial eta kosmetikoen erabilerak) geroz eta eragin handiagoa dauka eskuragarri dauden baliabideen kalitatean.
 
Gaur egun, kutsatzaile emergenteen azterketa eta ondore biologikoak neurtzeko tresnak (biosaiakuntzak), orokorrean, ez dira sartzen Europa mailako errutinazko kontrol-programetan, baina etorkizuneko erregulazio europar batean sartu daitezkeen sustantziak dira. Ondorioz, garrantzitsua da halako ikerkuntzak abiaraztea, ezagutza areagotzeko eta gaiari diziplina anitzeko ikuspegitik aurrea hartzeko, beharrezko diren teknologiak eta prozesuak garatze aldera.
 
Beharrezkoa da oreka egotea kutsatzaile emergente batzuek pertsonen bizi-kalitaterako dituzten onuren eta osasunerako eta ingurumenerako eragin ditzaketen arriskuen artean. Zeregin hori lortzea, edonola ere, zaila izango da. Baliabide hidrikoak babesteko, uraren zikloan inplikatuta dauden alde guztien ahaleginak ezinbestekoak dira. Ur-zerbitzuen eragileak, administrazioak, gobernuak, erabiltzaileak eta fabrikatzaileak lanean aritu behar dira, modu koordinatuan, ur-masak sustantzia horietatik babesteko eta epe luzera eragin negatiboak murriztu eta prebenitzeko.
 
Hori dela eta, emerGEN proiektua abiarazi da, hots, ekimen handizale bat, eremu publikoa eta pribatua elkarlanean jartzen dituena, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile-taldeak, Gaiker zentro teknologikoa eta Cadagua SA enpresa partaide izanik. Lortutako informazio guztia baliagarria izango da gaiaren gaineko ezagutza areagotzeko eta hiriko uraren ziklo osoaren gaineko kudeaketa eguneratu eta eskakizun zorrotzagoetara egokitzeko, betiere Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ematen duen zerbitzuaren kalitate gorena bermatuta.
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2020 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +