euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Gure Berrikuntzak | Nola engainatu nerbio-sistema nagusia

Bete-betean ikertzen ari gara nerbio-sistemako gaixotasunen tratamendurako farmakoei burmuinean sartzen uzte ez dien barrera hematoentzefalikoaren baldintzak ondoen berregiten duen in vitro barrera zein den zehazteko

2012/02/28  
Nerbio-sistema nagusiak (NSN) garuna eta orno-muina ditu osagai, eta gure gorputzaren funtzio garrantzitsuak daude bere eraginpean; esate baterako, pentsamendua, oroimena eta giharren kontrola. Hori dela eta, gaur egun ere zientziak ikertzen jarraitzen du, oraindik ezkutuan dituen enigmak argitzeko.

Oso barrera selektiboa
Enigma horietakoa barrera hematoentzefalikoaren (BHE) funtzionamendua da, eta burmuineko zelulentzat beharrezkoa den giro kimikoari eustea du helburu. Egonkortasun hori, gainera, burmuineko barrunbean dagoen likido zefalorrakideoaren osaketaren eraginpean dago, eta sistematik kanpoko substantzien sarbidea modu selektiboan kontrolatzen duen hori da babesgarria.

Hartara, BHE bera nerbio-sistema nagusia organismoaren gainerakotik isolatzen duen barrera fisiko eta metabolikoa dela esan daiteke, eta, horri esker, ez die bere funtzionamendurako kaltegarriak izan daitezkeen substantziei sartzen uzten.

Nolanahi ere, burmuinaren eta organismoaren gaineratikoaren artean dagoen banaketa hori biomedikuntzarako oztopo handienetakoa da, barrera horren ondorioz sendagaiak ez direlako burmuinera arrakastaz eta behar besteko dosietan iristen, burmuineko nahasmendu eta gaixotasunak arruntenak tratatu behar direnean: minbizia, Parkinson gaixotasuna edo Alzheimer gaixotasuna. Hori dela eta, farmako berriak garatzeko orduan, gaur egun funtsezkoa da jakitea nolako gaitasuna daukaten BHE zeharkatzeko eta euren dianetara heltzeko. Beraz, nazioarteko farmaziaren sektore guztiak barrera hematoentzefalikoaren ezaugarri nagusiak kontuan hartzen dituzten ereduak garatu behar ditu. Hain zuzen ere, farmakoen iragazkortasunari buruzko iragarpen zehatzenak eta fidagarrienak lortzea da xede nagusia.

In vitro eredu onenaren bila
Bestetik, arrazoi ekonomiko edo etikoengatik, in vitro saiakuntzek aurrea hartu diete animalien bidez egindako saiakuntzei, edozein farmako lortzeko garatu beharreko prozesu luzean. Izan ere, ageri-agerikoa da industria honetan tradizionalak ez beste metodo batzuk ezarri behar dituztela. Barrera hematoentzefalikoari dagokionez, oraindik ere ez da adostutako in vitro eredurik ezarri, eta zenbait eredu erabiltzen dira gaur egun. Edonola ere, gero eta premiazkoagoa da BHEko in vitro eredua garatzea eta gehienen adostasuna edukitzea, ustezko molekula izangaien eraginkortasunari eta toxikotasunari buruzko azterketak egin ahal izateko. Hona hemen, besteak beste, horren bidez lortu litezkeen onurak: garapen-epealdi laburragoak, kostuen murrizketa eta garatutako produktuen segurtasun handiagoa. Era berean, animalien bidezko saiakuntza ere murriztu egingo litzateke, gaur egungo gizarteak gero eta gehiago gaitzesten duela kontuan hartuta.

GAIKER-IK4 zentroan, esperientzia luzea dugu biomedikuntzaren arloan eta in vitro teknologien garapenean, eta gaur egun barrera hematoentzefalikoaren esparruan gehien erabiltzen diren in vitro ereduen erkapen-azterketa egiten ari gara. Hain zuzen ere, in vivo baldintzak berregiteko eredu egokiena zein den zehaztu nahi dugu, farmakologiaren zein nanomedikuntzaren arloetan toxikologiari eta eraginkortasunari buruz egindako azterketetan ezarri ahal izateko.

Horretarako, 2010ean ikerketa hasi zenetik, era guztietako tekniken bidez (fluxuaren zitometria, masen espektometria...) egin ditugu azterketak, aztergai ditugun BHEko in vitro ereduetako zelula-hazkuntzen egituraketa eta espezializazioa sakonago ezagutzeko (zelula epitelialak eta glialak) eta horren ondoriozko erkapen-azterketak egiteko. Seguruenik 2013an amaituko den proiektu honek argitu egin nahi du aztertutako zer barrerak berregiten duen ondoen barrera hematoentzefalikoaren portaera selektiboa.

info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2022 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +