euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Larruazaleko gaixotasunak tratatzeko produktu pertsonalizatuak sortzen laguntzen ari da GAIKER-IK4

GAIKER-IK4 SKINTREAT proiektu europarrean lanean ari da; proiektuaren helburua da psoriasia, dermatitis atopikoa edo UV izpiek eragindako kalte zelularra tratatzeko farmazia-produktuak sortzea, banako bakoitzaren larruazaleko gaixotasuna eta berezitasunak kontuan hartuta.

2011/10/17  Orain dela hamar urte giza genoma sekuentziatu zenean, medikuntza berri bat sortu zen: medikuntza pertsonalizatua. Hari esker, banako bakoitzaren genetika eta kimika espezifikoei erantzungo dieten produktu eta zerbitzuak sortzeko ikerketa asko egin dira azkeneko urteotan. Testuinguru horretan sartzen da, halaber, SKINTREAT proiektua, psoriasia, UV izpiek eragindako kalte zelularra eta dermatitis atopikoa tratatzeko produktu pertsonalizatuak sortzeko helburua baitu.

Israelgo Ahava kosmetika-multinazionala da SKINTREAT proiektuaren burua, eta Europako Batasuneko zazpi herrialde eta hari atxikitako bi herrialde (Israel eta Turkia) ari dira parte hartzen. Proiektuan sortuko diren farmazia-produktuek banako bakoitzaren berezitasunak hartuko dituzte kontuan, hala nola zer larruazal-mota duen bakoitzak edo nola erantzuten duen botikak hartzean.

2008an abiatu zen proiektua eta 2012an bukatzea aurreikusi dute. Tarte horretan, lan-lerro oso bat egiteko asmoa dute, eta, besteak beste, oinarrizko esperimentuak egin, metodo berriak garatu eta proiektuan aztertutako gaixotasunak dituzten pazienteetan in vivo probatuko dituzte horiek. Zenbait teknikak bat egingo dute ikerketan, hala nola banakoen genotipoa sekuentziatzea, botikak garraiatzeko nano-eramaileak sortzea eta nanotoxikologia, eta datu-base bat eratuko dute osasun-langileei eta pazienteei laguntzeko pazienteen beharretara egokitutako tratamenduak aukeratzen. Halaber, “kontzeptu-proba” gisa, Itsaso Hileko mineralek larruazaleko hiru gaixotasun horiek tratatzeko dituzten propietateak aztertuko dituzte ikerketan.

Produktu jakin baten sortze-kateko elementu guztia hartuko dituzte aintzat proiektuan. Proposatutako larruazaleko gaixotasunen biomarkatzaileak bilatzen hasiko dira, produktu berriak kapsulatzera eta haien ebaluazio toxikologikoa egitera bideratutako teknika berriak sortuko dituzte, eta, azkenik, gaitz horiek dituzten boluntarioetan produktuak baliozkotzea eta marketin-estrategia bat egitea proposatu dute.

GAIKER-IK4ren lana
GAIKER-IK4 izango da nanotoxikologia in vitro aztertzeko lan-multzoaren arduraduna, eta, hala, toxikotasuna eta nanoproduktuak azkar eta eraginkortasunez ebaluatzeko in vitro metodologia berriak garatzen Europan duen lekua sendotuko du. Nanoproduktuak askotariko aplikaziotarako erabiltzen hasi badira ere —hala nola uretako poluitzaileak ezabatzeko, minbizi-zelulak detektatu eta suntsitzeko edo inplante adimendunak egiteko materialak sortzeko—, haien toxikologia ezin da ohiko moduan ebaluatu. Aitzitik, ezinbestekoa da zenbait diziplina lankidetzan aritzea nanopartikula-multzo esanguratsu bat aztertzeko aukera emango duen estrategia diseinatzen, eta, hala, toxikologia-proben multzo egokiena zehazten.

info:  Ana Erostarbe,  erostarbe@gaiker.es

© 2019 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapaEsteka interesgarriakErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +