euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Solbolisiak konpositezko materialak birziklatzeko bide berri bat ireki du

Material konposatuak -besteak beste, garraio eta ontzi sektorean ohikoak direnak- birziklatzea zaila da, ezin baitira urtu eta zabortegira bota ohi baitira

2012/05/08  
Zuntzez indartutako konpositezko plastikoen Europako merkatuak % 4,5eko igoera izan du urtean. Hala, material hori, erresistentzia mekaniko handia duena eta oso arina dena, gero eta gehiago erabiltzen dugu gure bizitzan, eta horren ondorioz, gure hondakinetan ere askotan agertzen da. Batetik, gaien balio-bizitzaren amaieran sortutako hondakin konpositeak daude, hala nola ibilgailuak, yateak eta bestelakoak; bestetik, konpositeen Europako industriak, urtero, 1.000 eta 1.200 kt (kilotoi) material sortzen du, eta kopuru horretatik 40-45 kt inguru hondar-frakzioak dira.  Hondar horiek dituzten lehengaien balioa handia bada ere, normalean zabortegira botatzen dira.
 
Material termoplastikoekin gertatzen ez den bezala, konposite
termoegonkorrek sare-egitura finkoa dute, eta ezin dira urtu beste produktu batzuk egiteko. Beraz, oso zaila da horiek birziklatzea. Gaur egun, gehien erabiltzen diren bi metodoak hauek dira: batetik, birziklatze mekanikoa, jatorrizko materialaren propietate gehienak desegiten dituena; bestetik, errausketa, energia bakarrik berreskuratzen duena.

Testuinguru horretan, EURECOMP Europako proiektua sortu zen, Europako Batzordeak VII. Esparru Programan finantzatutakoa. Haren helburua da birziklatze-prozesu bat garatzea, indartutako material plastikoen solbolisi erreakzioaren bitartez. Helburu hori lortzen bada, industria plastikoari Europako arautegiak ezarritako birziklatze-helburuak betetzen laguntzeaz gain, birziklatutako produktuen azken balioa ere handitu egingo da.

Berrerabiltzeko aukera ere aintzat hartu dute
Ikerketaren barne, solbolisi bidez proposatutako birziklatze-prozesua despolimerizazio-erreakzio termokimiko batean oinarrituta dago, ura, egoera azpikritiko edo superkritikoan dagoen disolbatzaile moduan erabiltzen dela. Prozesu horretarako erreaktore jakin bat diseinatu eta fabrikatu dute, eta tresna horrek erretxina termoegonkorraren loturak apurtzeko zein indartzeko gehitutako zuntzetatik bereizteko aukera ematen du.

Prozesuaren parametro nagusiek (tenperatura, tratamenduaren denbora eta hondakinaren masaren eta uraren arteko erlazioa) duten eragina aztertuta, lortutako emaitzen arabera, erretxina termoegonkorraren % 95eko despolimerizazioa lor daiteke. Horrek, prozesua eraginkorra dela berresten du, eta birziklatutako produktuak berrerabiltzeko aukera ematen du. Birziklatze-prozesuari esker, beira-zuntza berreskura daiteke, zuntz gordinaren propietateen % 65arekin. Horrez gain, balio handia izan dezaketen produktu kimikoak atera daitezke: azido bentzoikoa, benzaldehidoa eta azetaldehido bentzenoa, besteak beste.

Hala, Europako 14 erakunde (haien artean GAIKER-IK4) elkarlanean egindako ikerketa horren ondorioen arabera, solbolisi bidezko birziklatzeak material plastiko konposatuen industriari ingurumen-eragina murrizteko helburuan lagunduko dio, eta, horrez gain, birziklatutako produktuei modu lehiakorrean balio ekonomikoa emateko aukera emango du.
Parte-hartzaileak: ICAM Nantes / LTN, University of Limerick, University of Exeter, University of Bristol, Volvo Technology Corporation, Xietong  Automobile Accessory, SACMO, URIARTE Safybox,  GAIKER-IK4, Mixt Composites Recyclables, ECRC (European Composites Recycling Services Company), BPF ( British Plastic Federation), COMPOSITEC.
 
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +