euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Hondakinetatik abiatuta hormigoi hobea sortzeko proiektu baten buru da GAIKER-IK4

COMPOECO proiektuak hormigoien prestazioak hobetu ditu, eta atea ireki dio tratamendu zaila duten hondakinak baliatzeko aukerari (besteak beste, tren- eta itsasketa-sektoreetako hondakinak)

2011/08/01  Gero eta mota gehiagotako hondakinak birziklatzen diren arren, oraindik ere oso mugatua da hondakin batzuen birziklapena; esaterako, garraio- eta itsasketa-sektoreetan sortzen diren eta matrize termoegonkorreko eta zuntz ez-organikoko errefortzua duten konpositeena. Hiru arrazoi daude funtsean horretarako. Lehenengo arrazoia da ez dagoela halako hondakinak gaika jasotzeko azpiegiturarik; izan ere, hondakin horien sakabanaketak zaildu egiten du bolumen handiak biltzea, eta baliobizitza luzeko aplikazioetan erabiltzen direnez, bereziki konplexua da fluxuen sorrera aurreikustea. Bigarren arrazoia da ez direla hondakin horiek birziklatzeko teknologiak eta prozesu espezifikoak behar beste garatu; eta hirugarren arrazoia da ez dagoela aplikaziorik hondakin horiek birziklatzean lortzen diren materialez baliatuko denik.

Horiek horrela, material horiek bota egin ohi dira haien balio-bizitza amaitzean, eta horrek kalte egiten dio ingurumenari, baliabideak (lehengaiak nahiz energia) ez direlako berrerabiltzen, eta hondakindegiak betetzen direlako.

Egoera horretan, konposite-hondakinei balio handiagoa emateko, eta hondakinei buruzko egungo legediak nahiz etorkizunekoak bete ahal izateko, COMPOECO ikerketa-proiektuaren buru izan da GAIKER-IK4. Proiektu hori amaitu berri da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 2009ko Enpresa-berrikuntzarako planaren bidez finantzatu da. Tecnalia Research & Innovation taldeak ere parte hartu du.

Emaitza: ezaugarri hobeak dituen hormigoia
COMPOECOren helburu nagusia zen konpositeak birziklatzeko prozesu espezifikoak ikertzea eta garatzea, zuntzen kontzentrazioak berreskuratzeko, eta ondoren, eraikuntza-elementu arinak indartzeko erabiltzeko. Horretarako, material horiek zatikatzeko eta kontzentratzeko teknologia mekanikoak aztertu dira, konpositeen hondakinen korronteetatik abiatuz sendogarri-frakzioak lortzeko (zuntz birziklatua), eta ondoren, zementu-oinarriko formulazioetan sartzeko. Tratamendu mekanikoaz gainera, prozesu termikoak ere ebaluatu dira (pirolisia, esaterako), matrize polimerikoaren transformazioaren bidez zuntz ezorganikoa konpositetik erabat askatzeko.

Aztertutako teknologia mekaniko eta termikoen bidez berreskuratutako zuntzfrakzioak zementuzko mikrohormigoietarako karga indargarri moduan ebaluatu dira. Lehenengo fasean, probeta prismatikoak egin dira, baita saiakuntzak ere, eta zuntz birziklatuko errefortzurik gabeko mikrohormigoi batek baino erresistentzia mekaniko hobea izan du flexioan eta konpresioan. Ondoren, hormigoizko panel prototipoak egin dira zuntz birziklatuz optimizatutako dosifikazioak erabiliz, eta, kasu honetan ere, ezaugarri mekanikoak
hobeak izan dira.

Emaitzak kontuan izanik, COMPOECO proiektuak ate bat ireki dio tratamendu zaila duten zuntzez indartutako konposite termoegonkorrak birziklatzeari eta baliatzeari.
 
info:  Ana Erostarbe,  erostarbe@gaiker.es

© 2019 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapaEsteka interesgarriakErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +