euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Fabrikaziotik mikrokapsula aktiboak dituzten ehun funtzionalak garatu dituzte

Gaiker-IK4 eta Yflow partaide dira ehungintzako balio-kate osoa berritzeko Infinitex proiektuan.

2013/04/16  INFINITEX proiektua (ehunetan aplikatzen diren funtzionalitate berrien eta adimenaren ikerketari buruzko proiektua) Iturri Taldeak gidatzen du, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak finantzatzen du. Batetik, estatu mailako balio-kate bat bultzatzea du helburu proiektuak, balio erantsi handiko ehun funtzional eta adimendunekin lan egiteko, eta, bestetik, ehunen funtzionalitateak eta babes- eta konfort-prestazioak handitzea.

Hamabost enpresa hauek osatzen dute partzuergoa: Iturri Taldea, Antecuir, Angles Textil, Grupo Antolin-Ingenieria, Comersan, Sati Grupo Textil, Estambril, Francisco Albero, Industrial Quimica Del Nalon, Manterol, Marina Textil, Selvafil, Sistemas y Procesos Avanzados, Textulan e Yflow, Sistemas y Desarrollos. Horietaz gainera, sona handiko 11 ikerketa-organismok parte hartzen dute proiektuan, materialekin, elektronikarekin, ehunekin eta biomekanikarekin lotutako diziplinetakoak.

Proiektuari 2009an ekin zioten, eta 2013an amaituko da. Besteak beste, defentsaren, industriaren eta larrialdien sektoreetan —babeseko eta ekipamendu pertsonaleko aplikazioetan— eta automobilgintzan irtenbideak bilatzea da proiektuaren helburua. Horretarako, teknologia berriak eta ehun berriak —adimendunak eta funtzionalak— garatzen dituzte, eta, halaber, ehun horien hariei, akaberari eta jantzigintzari jartzen diote arreta.

Ikerketa zabal horretan, hogeita hamar bat erakundek parte hartzen dute —horien artean daude Gaiker-IK4 eta Yflow Sistemas y Desarrollos SL—, eta 29 milioi euroko aurrekontua du. Nazioarteko ehungintzarentzat ere erreferentziazko proiektua da, ikerketen zehaztasun-mailagatik, proiektuaren eduki berritzaileagatik eta hainbat sektoretan duen eragin handiagatik. Hala, partzuergoa osatzen duten enpresei aukera ematen die beren hazkunde-estrategiak hobetzeko eta kanpoko merkatuetara irteteko aukera handitzeko.

Nanomaterialak, forma-memoria duten materialak, material elektroluminikoak (korronte elektrikoa jasotzean, argia ematen dute), fotoluminikoak (argitan jartzean, argia ematen dute), propietate biozidak dituzten materialak (desinfektatzaileak), antibektoreak (intsektuak uxatzen dituztenak), marraduren aurkakoak eta suaren kontrakoak; horiek guztiak aztertzen dira proiektuan. Gaiker-IK4eko kideok lehenengo faseetatik parte hartu dugu proiektuan —material plastiko berrien eta haien konpositeen garapenerako zentro teknologiko aditu gisa—, eta, Malagan dagoen Yflow Sistemas y Desarrollos SL enpresa teknologiarekin batera, metodo bat garatu dugu, ehunen akaberan aplikatu ohi diren eta osagai aktiboak dituzten mikrokapsulak itsasteko eta, horren bidez, mikrokapsula horiei propietate bereziak emateko (osagai hidratatzaileak, birsortzaileak... ) aukera ematen duena.

Itsaste-metodo horren bidez —aplikatu ahal izateko, ehungintzako tindaketa-prozesuen antzeko baldintzak behar dira—, ehunak funtzionalizatu egiten dira, eta, horrez gainera, mikrokapsulek ez dute erretxinik behar aplikatzeko. Hala, zuzenean itsasten dira ehunean, eta, ondorioz, erabilgarriago geratzen dira eta askatzen dituzten osagai aktiboak optimizatzeko aukera ematen dute, osagai horiek larruazalarekin eta airearekin kontaktuan geratzen baitira zuzenean. Horri esker, ehunek gehiago irauten dute, eta funtzionalizatutako ehunen propietateek erresistentzia handiagoa lortzen dute jantziak garbitzeak dakarren higaduraren aurrean.

Frogatu ahal izan denez, garatutako itsaste-teknologia bereziki eraginkorra da zelulosa-zuntzetan (kotoia, lihoa, etab.). Zuntz sintetikoetan ere lor daitezke emaitza horiek, eta, beraz, ehun gehienetan aplika daiteke teknologia hori.
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +