euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Gaiker-IK4 eta Rafrinor, sukaldeko olioaren birziklatzea optimizatzeko lankidetzan

Rafrinor SL, Bizkaiko udalerrien ia % 80an frijitze-olioak jasotzen dituen enpresa, Gaiker-IK4rekin lankidetzan aritu da I+G+B proiektu batean, olio-birziklatzea optimizatzeko xedez.

2013/02/08  Rafrinor SL, Bizkaiko udalerrien ia % 80an frijitze-olioak jasotzen dituen enpresa, Gaiker-IK4rekin lankidetzan aritu da I+G+B proiektu batean, olio-birziklatzea optimizatzeko xedez.

Etxeetan erabiltzen dugun olioa da eguneroko bizimoduan sortzen dugun hondakinik kutsatzaileenetako bat. Adibidez, kalkulatzen da litro bat landare-oliok 1.000 litro ur kutsatzen dituela, eta, ondorioz, olio hori ur-sarera botatzeak garestitu egiten du, nabarmen, gure ura berrerabiltzeko behar izaten den tratamendua. Arazo hori herrialde mediterraneoetan gertatzen da, hala nola Espainian, Italian, Portugalen eta Grezian —olio-kontsumitzailerik handienak—, eta, beraz, kontzientziatze-lana hobetu beharra dago herrialde horietan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, udalek erabakitzen dute nola kudeatu behar den hondakin hori. Rafrinor SL enpresak, behin Bizkaiko ia % 80 udalerriren frijitze-olioa jasotakoan, tratatu egiten du olio hori (hezetasuna, azidotasuna, hondarrak…), eta gero saldu, biodiesel-ekoizpenean lehengai gisa erabiltzeko. Gero eta olio gehiago biltzen zela —urteko 400 tona inguru, gaur egun— eta gero eta edukiontzi gehiago instalatzen ari zirela ikusirik, 2010ean, Rafrinor SLk I+G+B proiektu bat hasi zuen Gaiker-IK4rekin lankidetzan, bi helbururekin: batetik, birziklatze-bide posibleak aztertzea, olioa ateratakoan gelditzen diren tonaka plastiko-botiletatik balio erantsia lortzeko, eta, bestetik, Rafrinor SLn olioa eta plastikoak bereizteko prozesua hobetzea.

Hala, material plastikoen birziklatzearekin eta balorizatzearekin lotutako I+G+Ban adituak izanik, Gaiker-IK4 zentro teknologikoak aztertu du zein den olioarentzat erabiltzen diren botilak birziklatzeko prozesurik egokiena, eta ondorioztatu du, garbitze-, estrusio- eta erreketa-proben ondoren, bideragarritasun energetikoaren aldetik irtenbide onena balorizazio energetikoa egitea dela, gero galdara, labe eta abarretan erregai alternatibo moduan erabiltzeko. Orobat aipatu dira beste aplikazio posible batzuk, eraikuntzaren inguruko birziklatze-prozesu batzuei lotuak: panel isolatzaileak eta beste. Beste birziklatze- eta balorizazio-prozesu batzuen aukera baztertu egin da, biltzen den plastikoa era askotakoa izaten delako eta oso zikina egoten delako.

Herritarren ohiturak hobetzea jomuga
Ondorio horiek ateratzeko, 10 mankomunitatetatik hartutako lagin adierazgarriekin egin da lan —laginak, aukeratzeko, Gaiker-IK4k lehenagoko I+G+B proiektu batean garatutako metodo batez baliatu dira—, eta analisiak hainbat ondorio interesgarri eman du, lehen aipatuez gain, proiektuaren bigarren helbururako: Rafrinor SLren olio eta plastikoak bereizteko prozesua optimizatzea.
 
Hartutako laginek erakutsi dute, besteak beste, oliotan material desegokiak izatea oso ohikoa dela, eta horrek zaildu egiten duela bereizketa-prozesua erabat automatizatzea. Hautemandako jardunbide desegokien artean, nabarmentzekoa da kristalezko poto eta botilak, egunkari-papera edo arropa aurkitzea olio-edukiontzian, ez baitu halakorik izan behar. Hori dela eta, Rafrinor SLk beharrezko ikusten du lanean jarraitzea herritarrei ikusarazteko zeinen garrantzitsua den, ez bakarrik birziklatzea, baizik eta ondo birziklatzea.
 
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +